XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaurko Harrera-Teoriak orokortu duen bereizketa hartuko dugu abiapuntutzat: ikuslego erreala eta inplizitua.

Edozein testutan, baita testu dramatikoetan ere, badira marra edo ezaugarri batzu, hartzaile idealaren itxura edo diseinua daramatenak.

Horri deritza, Harrera-Teorian, irakurle inplizitu, idatzitako testuaren kasuan.

Guk, aurreko lan batzutan, teatroari transposatu diogu irakurle inplizituaren kontzeptu hori eta, beraz, ikusle inplizituaz mintzatzen gara, antzezpen baten ikusle ideala edo antzezpenean bertan marratua gertatzen dena adierazterakoan.

Literaturan, hizkuntzak erabakitzen du hasieratik irakurle inplizituaren ezaugarririk nagusien eta erabatekoena: testu baten irakurle inplizituak testu horren hizkuntza ezagutu behar du, nahitaez, testua ulertu ahal izateko.

Hori bera gertatzen da testu dramatikoan, bere izaera literarioari dagokionez.

Baina testutik eszenariora pasatzean, konplikatu egiten da arazoa, hizkuntzak ez bait du parte bat baizik teatro-lengoaian, eta, beharbada, garrantzitsuena ez dena askotan.

Ezinbesteko baldintza gertatzen da hizkuntza, literaturaren kasuan, testua ulertzeko.

Teatroan, berriz, ez hain ezinbestekoa, hizkuntza ez ezagutzearen hutsunea beste kode teatralen ezagueraz bete daitekeelarik nolabait.

Horrekin esan nahi duguna, zera da: Euskal literaturaren irakurle inplizituak euskalduna izan behar baldin badu, nahitaez, hizkuntzaren, hots, euskararen muga estuak hautsi ditzake teatroaren ikusle inplizituak, eta hausten lagundu behar diogu, antzezpenaren interes, aberastasun eta kalitatearekin.

Lehen aipatutakora garamatza berriro erreflexio honek: Hizkuntzaz aparte, oso garrantzi handikoak ditugu euskal teatroan teatro-lengoaiari eta komunikabideari dagozkien gainerako elementuak, hitzezkoak ez direnak, hain zuzen.

Euskal teatroaren ikuslegoa euskararen mugez at zabaldu behar genuke.

Hori ere, teatroaren alderdi teatralean bertan jokatu behar dugun joko, saiatze eta ekintza dugu.

Azken erreflexio bat datorkit gogora, ikusle inplizituaren eta errealaren arteko bereizketa horretatik abiaturik: zenbat eta handiagoa den ikusle inplizituarengandiko urruntzea, hainbat eta zailago gertatzen zaio ikusle errealari ulertzea.

Eta gure eszenarioetatik behin baino gehiagotan ematen zaiguna ikusiz, badirudi teatro-jendearentzat pentsatuak daudela antzezpen batzu, (...).